XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoako hamar ikastola astronomoak prestatzen

Egin duten lana adierazteko erakusketa ireki dute Ikasbiden. J. A. Donostia.

Donostiako Ikasbide ikastolan Nasakoek enbidia pitin bat sentitzeko moduko erakusketa zabaldu dute, artilugio eta tresneria rudimentario batzuei eta irudimen pilo bati esker ortziaren funtzionamendua ikus bait daiteke oso minutu gutxitan, tramankulu horien artean teleskopio batzuk ere ezarriz.

Teleskopio horietako bat Ramon Nazabal, esperientzia honen aitarena da, New York ikasketa egiten ari zela zaletu eta hasi baitzen lehen teleskopioa egiten.

Bizpahiru urtetako esperientzia horren berri emateko Ramon bera, hamar ikastoletako ordezkariak eta Federakundeko ordezkariek bildu ziren.

Ludiaren errotazioa esplikatzen duen artilugio mekanikoa, ilargiaren faseak erakusteko kaxa majikoa, planeten sistema adierazten duen kartel erraldoia eta artizarraren bueltan gure latitudean izarrek markatzen duten mugimendua adierazteko sonbrila, Casiopeia, Perseus, Bootes, Cygnus, Ursa Mayor eta gisako konstelazioen izen poetikoekin idatzitako ortzia errepresentatzen duen goardasol beltza eta beste hainbat sorpresa aurki daitezke erakustoki horretan.

Erakustokiaren ondoan bidaia espazial bat egiteko moduko gela ilun bat jarri dute barruan laberinto zerutiar batekin.

Han barruan sartzeko astronauta trajea jantzi behar da eta Tibeteko monjeen kanta lugubre samarra bat fondo bezala duela abiatzen da bidaiaria espazioan zehar nebulosak, asteroideak eta planetak bisitatuz.

Erakustoki horretan astronomiako klase horietan haurrek egindako lanak ere jarri dituzte eta nolabait projektua martxan jarri zenetik egin duten bidea agertu dute.

Ikastoletan ere ikasleak produkziorako soilik prestatzen saiatzen garen garai honetan poztekoa da irakaskuntza gauza guztien gainetik hezketa dela gogoratzea eta hezketaren helburua pertsona dela baieztatzea.

Astronomiako esperientzia honek edertasunak eta lilurak pertsonaren hezketan duen garrantzia erakusten dute, esan zuen Garagorrik programa horren aurkezpenean.

Ramon Nazabalek, projektu honen arimak, esperientziaren nondik norakoa adierazi zuen, haurrek klase hauetan zenbat gozatzen duten azpimarratuz.

Ikasbide eta Orixe Donostian, Errenteria-Pasaian, Hernaniko bi ikastoletan, Urnietan, Besainen, Orion eta Legorretako Herri eskolan daramate esperientzia hau eta ikastola horietako arduradunak ere hor bildu ziren.

Hamar egunez egongo da erakusketa zabalik eta ikastola guztiei zabaldu zien arduradunek gonbita esperientzia horren berri jakitera hurbil daitezen.